top of page

Site honen helburua da Batxilergoko Euskara eta Literatura ikasgaiaren Euskal Dialektologia atala lantzeko lagungarria izatea, eta oro har ipuinzale eta euskaltzale diren guztientzat beste ikasmaterial bat eskaintzea.

Junes Casenaveren  Basabürüko ipuinak sortako Hartz pasüa hautatu dugu lantegi horretarako. Kontakizun polita eta aberatsa entzungo dugu Junes Casenaveren beraren ahotik. Jatorrizko bideoan duzue bere horretan, ezer gehitu barik. Baina, testua ulertzen laguntzeko, azpitituluak dakartzate beste bideoek, euskara batuan, zuberotarrez nahiz bietara (lau bideo guztira). Izan ere, garrantzizkoa da, gure ustez, ikasleek -eta irakasleek-  azpitituluak aukeratu ahal izatea, testua entzun ahala ulertzeko edota beren euskararekin alderatu ahal izateko.

Baliabideak atalean jatorrizko ipuinaren testua dago, Word formatuan, bai jatorrizkoa, bai euskara batuko moldaketa. Batuan, bertsio bat baino gehiago erabili ditugu, eta horien artean hautatu dugunak kontuan hartzen ditu lanaren hartzaileak izango direnak eta jatorrizko testua ulertzeko arazo gehien izango duketenak. Badakigu galdu egin duela testuak erabaki horren ondorioz, baina, bestalde, kontuan ere hartu behar da hainbat berba eta egitura arrotz zaizkiola hegoaldeko euskaldunari, are gehiago gazte jendeari, Hiztegi Batuan badaude ere. Beraz, forma estandarrak hobetsi dira lan honetan. Bestalde, jatorrizko bertsioa ere aztertu nahi duena gogoan, Koldo Zuazoren Sareko Euskal Gramatika lanaren web-orriari esteka egin diogu gure sitean.

Ariketarik ez dago; bai, ordea, hainbat proposamen, jatorrizko testutik abiatuta:

 

  • Jatorrizko testuaren esaldiak aukeratu eta itzultzeko eskatu. Gero, batuan dagoen testuarekin zuzendu.

  • Euskalbar zelan erabili azaldu, testuko hitz batzuk bilatu eta aukera egokiena txertatu.

  • Aditzak eta beste ezaugarri morfologikoak taulatan ipini, eta hutsik geratu diren laukiak irakaslearen laguntzarekin bete. Koldo Zuazoren materiala erabil daiteke horretarako.

  • Ahoskera aztertu, eta zuberotarrez irakurtzen edo hitz egiten ahalegindu.

 

Azkenik, eskertu nahi dut IRALEko hainbat irakasleren laguntza, eta, bereziki, Junes Casenave,  Iñaki Sarriugarte eta Kepa Iturriozena.

bottom of page